XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Ez, ez dun hura bezala.

Dokumenturik inportanteena...

Ez, ez dun haren poesiarik gorde, ustez...

Ba, zera dun, Virginia, auzi-autu bat, zeinean jujeak libre uzten duen neska errurik gabetzat jorik...

- Bai, bai, baina hantxe zegon neskaren beraren testigantza ere, luze...

Izugarri hunkigarria...

Eta hura ikusi dudanean, esan dinat: zer?, egun batekoagatik, behar bezala ospatu behar dinat ba.

Nire alergia alu hau ere pasa egin zaidan ia, aurkikuntzaren pozarekin.

Eta jatetxe dotore honetara etorri naun; eta ez didan sinestuko: neskaren herri bereko kamarera xarmant bat zegon hemen zerbitzen...

Ez, ez hi bezain xarmanta, Virginia... baina atsegina oso...

Eta hango elezaharretan dabilen bertsioa kontatu zidan...

Ileak tente jarri zaizkidan, aizan, oso desberdina izan behar ez zuen aspaldiko neska gaixo haren kontuak bizi-bizi hizkera berean aditurik...

- Hiretzat ere bazeukanat zerbait...

Ez, ez; esango dinat hor Gubbion elkartzen garenean...

Itxaron beharko dun...

Zera... bertako kontu bat...

Badu aski entzunik, eta bazkariarekikoak ere bukatuak ditu, ia konturatzeke, belarrietara bildurik arreta guztia.

Habano potor bat ere eskatu du eta, ohiturarik ez duenez, halako txorabio urdin lauso bat somatzen hasia da aurki, oxigenoa eskas bailuen.